Urumea ibaia inguruetan dagoen landaretza eta fauna aspaldidanik eragindako aldaketen emaitza da. Burdinolak, ontzigintza, landarediak izandako hainbat gaixotasun edota gerra osteko paper-fabrikaren ugalketaren ondorioz hazkunde azkarreko zuhaitzen berlandatzea izan dira aldaketaren arrazoi nagusiak. Eraldaketa horiek guztiak eragin zuzena izan dute bertako espezie batzuetan.
Egungo fauna, jatorriz atlantikoa eta europa erdikoa da. Baso ugari daudenez gero, espezie menditar eta basotarrak nagusitzen dira. Bestalde Urumea errekaren kalitate ekologikoa ona da, ubide, ibai-ertz eta uraren garbitasunagatik batez ere. Ondorioz ornodun taldea ongi garatua dago eta aberatsa da. Anfibioen ugalketarako oso garrantzitsua den mendi erreka ugari ere badago (Usoko erreka, Epele erreka, Urruzuno erreka...). Hori guztia dela eta, Garrantzia Komunitarioa dun Lekua izendatua bere eremu zabalean.
Urumea Arnastu ingurune naturalean, Urumea ibaiaren goi eta erdiko zatitan, interes berezia duten animalia eta landareak daude, horietatik batzuk gaur egun mehatxu egoeran bizi dira. Bisoi europarra, ur satorrak, ur-ipurtarra, Elona Quimperiana ornagabea, garai paleotropikaletik iraun duten landareak, hala nola: Veratrum album; Trichomanes speciosum edota Soldanella villosa.
Gainontzean, honako espezieak aurki ditzakegu ibaian zehar egun:
- Anfibio ohikoenak: Apo arrunta, arrobioa, baso-igel gorria, txantxiku arrunta, uhandre palmatua eta ur igela dira.
- Narrastiak: eskulapio-sugea, horma-sugandila, iparraldeko suge leuna, musker berdea, sugegorria, sugandila bizi errulea, suge berde-horia, suge gorbataduna eta zirauna.
- Hegaztiak: Amilots urdina, antzandobi kaskagorria, antzandobi arrunta, arrano sugezalea, belatz gorria, birigarro arrunta, buztanikara, buztanikara zuria, errekatxindorra, eskinosoa, garrapoa, garraztarroa, gerri txori arrunta, hontza zuria, karnaba, kukua, lepitzulia, martin arrantzalea, mirotz zuria, mokolodia, okil berdea, okil handia, okil txikia, txantxangorria, txepetxa, txonta, urubia, ur-zozoa, txirriskila, zapelatza eta zozoa.
- Ugaztunak: arratoia, azeria, azkonarra, basakatua, basasagua, basurdea, bisoia, erbinudea, etxe-sagua, ipurtatsa, katagorria, katajineta, lepahoria, lepazuria, lursagua, lursagu gorria, muxar grisa, orkatza, saguzarra, sataina, satitsu arrunta, sator arrunta, triku arrunta, ur-arratoia eta ur-satitsu hankazuria.
- Arrainak: ibai amuarraina, ezkailuak, ibai-aingira, mazkorra eta izokin arrunta. Hiru lehenak ugariak dira. Izokina galdurik zegoen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ale gazteen birpopulaioarekin, ibaiaren hobekuntzarekin eta presen iragazkotasunarekin, espezie hori errekuperatzeko abian jarritako plan guztiei esker, urtez urte haziaz doan ale helduen populazioa aurki daiteke jada.