Kultura edo etnografia aldetik interesa duten elementuak

 

BERTSOLARITZA

Urumea Arnastu natur ingurunea, ezin izango genuke euskara eta euskal kulturarik gabe ulertu. Hala bada, ezin izango genuke bertsolaritzarik gabe ulertu. Bertsoa oso presente duten herriak dira, eta bertsotan aritzeaz gain bertso eskolak ere garrantzi handia dute. Herriko jaietan nahiz herriko elkarte edota herri-bazkarietan bertsotan aritzeko aukera dago maiz.

Txirritak 1936 urtean Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuenetik, txapela asko bildu izan ditu bailarak. “Xalto” bertsolari Goizuetarrak 1960 eta 1964 urteetan Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabaztea lortu zuen. Aranon, Manuel Huici bertsolariak 1962ko txapelketan ere parte hartu zuen. Gaur egunera etorrita, bertsolari gazteen harrobia da bailara: Maialen Lujanbio (2009an Euskal Herriko Bertsolari Txapelduna), Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Xabier Legarreta, Arnaitz Lasarte, Oier Iurramendi eta abar luze batek osatzen dute zerrenda.

Hernaniko Bertso Eskola

30 urteko tradizioa du Hernaniko Bertso Eskolak, eta hogeinaka gazte biltzen ditu gaur egun irakasle eta ikasle lanetan. Herriko dinamiketan partehartze handia du eta herriko ahozko historiaren parte oso garrantzitsu da.

1981ean, Juanjo Uria Hernaniko alkate zela, udalak Xabier Amurizaren ikastaroa antolatu zuen. Ikastaro hura izango zen Bertso Eskolaren oinarria. Ez Hernanin bakarrik, Euskal Herri osoan ere, garai horretan sortu ziren lehen bertso eskolak, besteak beste Amurizaren hitzaldien ondorioz.

Audio: Urumeari bertso bat

Egilea: Unai Agirre. Abeslaria: Eñaut Agirre.

 

 

KIROLA

Herri kirolak sarri ikus daitezke Urumea Arnastu osatzen duten herrietako plaza ezberdinetan. Normalean, herriko jaietan ikus ditzakegu eta apustu politak sortzen dira hauen inguruan. Jende asko erakartzen dute urtez urte, bai herritakoak eta baita kanpokoak ere. Tradizio handiko kirolen artean Bola eta Toka aipatu ditzakegu.

Gero eta jende gutxiago aritzen den arren, oraindik ere bizirik dirau bola eta tokan ibiltzeko ohiturak. Garai batean ba omen ziren bolatokiak Ereñotzuko auzoko hamaika tokitan baina, gaur egun, Ereñotzuko erdigunean gelditzen da bakar bat. Beste batzuk puntualki berreskuratu izan dira ere.

Pelotak ere aipamen berezi bat merezi du, lau herriek diziplina ezberdinetako pilotari handiak eman baitituzte (Olaizola anaiak, Jon Apezetxea edota Aranoko erremontistak). Goizuetako herria Nafar Gobernuaren pelotaren ibilbidean kokatzen da gaur egun. Herri guztietan aurkitu ditzakegu pelotan aritzeko frontoiak.