Arano

Arano

INAUTERIAK

Aranoko inauteri edo iñotiak urtez urte ospatzen dira, ohiturak oinarrian ia aldatu gabe jarraitzen dutela esan daitekeelarik.  Inauterietako asteartean edo Astiarte Iñautean goizeko zazpitan hasten ziren ekintzak lehen, mutil gazteak tabernan elkartzen zirenean bertan mozorratzeko. Txapela, alkandora beltza, galtza txuriak koloretazko bordatuekin eta alpargata txuri edo esparzin zurik eramaten zituzten jantzita. Taldean beste batzuk dantzari ere izaten ziren, alkandoran koloretako zinta koloretsuak bizkarretik josita eramaten zituztenak.

Orain asteartean ez, baina berezko inauteri aurreko larunbatean ospatzen dira inauteriak. Janzkeran, azken urteetan, errekuperatu dira zenbait ezaugarri eta lehen mutil gazteak ateratzen ziren lekuan, orain neska eta mutil, zahar eta gazte ateratzen dira "zomorro" jantzita.

Trikiti soinuarekin batera, herriko baserrietatik janari eta diru eske abiatzen dira. Ibilbidea bukatu ondoren herriko elkartean bazkaltzen dute eta, arratsaldean, herrian zehar Zagi Dantza dantzatzen dute. Zuriz jantzitako gazteek makilak jotzen dituzte eta zahagi dantzako bi pertsonaiak haien erdian dantzatzen dute haietako batek bizkarrean zahagia eramaten duelarik. Dantza eta umore giroan igarotzen da egun osoa Aranon.

Gauean afaldu ondoren musika edo bertso saioren batekin bukatzen da egun guztia irauten duen festa.

BESTE OSPAKIZUN ETA JAIAK

  • Ekainaren 23ko bueltan, San Juanen aitzakian, sardina jatea eta San Juan sua.
  • Santio festak. Uztailaren 25a Santio eguna dela aprobetxatuz egoki tokatzen diren egunetan ospatzen dira Aranoko jai herrikoiak. Aurten 25ean bertan hasi eta 28 ra arte izango dira, aurreko igandean ere zerbait izango delarik.
  • Uztailaren 26an San Joakin eta Santa Ana eguna. Herriko zaharrenen eguna da.
  • Abuztuaren 16an  San Roke (erromeria San Rokeko ermitan eta pelota partiduak).
  • San Migelen etorrera maiatza aldera.
  • Azaroaren  11 inguruan, San Martin eguna.
  • Abenduak 24. Olertzeroren etorrerarekin, herriko gaztetxoenak kantari ateratzen dira etxez etxe, goizean hasi eta eguardirarte.