Atseden guneak

Urumea Arnastu natur ingurunean, bazkaltzeko eta egonaldi atsegin bat burutzeko aukera zabala topatuko dugu:

 

AKOLA (Ereñotzu)

Fagollagara iritsi aurretik, 4. poste kilometrikoaren parean ezkerretara dagoen bidegurutzetik abiatuko gara Akolara. Errepidea Larregain sagardotegian amaitzen da eta bertatik paseo atsegin baten bitartez iritsiko gara Akolara. Aterpetxe txiki batek, mahaiek eta iturri batek osatzen dute.

Bertatik ibilbide ezberdin ugari eta Gipuzkoako estazio megalitiko garrantzitsuenetariko bat ikusteko aukera izango dugu, hamalau dolmenez osatua. Aiako Harriko Parke Naturalean dago kokatua.

thumb akola

 

APARRAINSORO (Ereñotzu)

Aiako Harriko parke naturalean kokatzen da aisigune hau. Ugaldetxon autoa utzi eta bertatik abiatzen diren bi ibilbideetatik iritsi gaitezke bertara (GR-121 eta PR GI-1001).

thumb Aparraindik-paseatzen Aparraingo borda Aparraingo atseden gunea Aparraingo-atsedenlekua Inaki-Sanz-Azkue

 

GOIKO ITURRI (Goizueta)

Herri bertatik, Zubihaundi zubia igaro eta Txino auzoan ezkerretara hartu eta eskuineko bidetik iritsiko gara. Naturaz gozatzezko leku paregabea da. Iturri eta mahaiek osatzen dute.

Goikoitturri-1

 

BEKO ERROTA (Goizueta)

Herriko plazatik abiatuta, Zubi haundia pasa baino lehenago, erreka ondoko paseoa jarraituaz iritsiko gara atseden gunera. Mahaiak eta errekan bainatzeko aukera izango dugu bertan.

Beko-errota Goizueta

 

LATSE-BORDATXO (Ereñotzu)

Ereñotzu pasa eta berehala egungo Latxe etxearen ondoan topatuko dugu Bordatxo aisialdi-gunea. Sarrera baten truke (4 euro/pertsona) zelai eder bat eskaintzen zaio bisitariari: mahaiz eta aulkiz ondo hornitua, Urumea ibaian bainatzeko aukerarekin eta autoa ere sar daiteke lursail horretan.

Aisi guneari pegatua garai bateko fabrika zaharra aurkituko dugu: alkohola, ozpina, alkitrana eta egur ikatza egiten ziren gune honetan. Gainera, Txirrita bertsolari hernaniarraren jaiotetxea izan zen baserriaren alboan kokatzen da.

bordatxo-latxeko-atsedenlekua

 

SANTA BARBARA (Hernani)

Hernaniko herrian kokatua, Santa Barbara mendiak egun zoragarri bat pasatzeko aukera eskaintzen du. Taberna, mahaiak, ermita, panel informatiboak eta eskaladako guneak topatuko ditugu. Hernaniko eta inguruetako bista panoramikoaz gozatzeko leku aproposa da.

Mendi, gotorleku eta ermitari buruzko informazio gehiago: 

http://hernaniturismoa.com/eus/ezagutu/ezagutu-historia/15-santa-barbara-gotorlekua

santa-barbara-ermita--Andrekale35

 

UGALDETXO (Ereñotzu)

Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen GI-3410 errepidearen 8,7 kilometroan dago Ugaldetxoko atsedengunea. Urumea ertzeko gunea, jatetxea eta frontoia dela eta, uda garaian jende asko biltzen duen tokia da. Inguruan ez dugu aparkatzeko lekua aurkitzeko zailtasunik izango.

Jatetxearen atzetik abiatuta Aiako Parke Naturaleko sarrera topatuko dugu.



Ugaldetxo Ugaldetxo2

 

BURNINGO BORDA (ARANO)

Arano eta Goizuetak bat egiten duten ingurunetik gertu topatuko dugu Burningo atsedengunea. Gune guztiz naturala eta magiaz beterikoa da Burnin. Bertara heltzeko herriaren bukaeran eskubitara hartu eta San Roke ermita igaro. Berehala, 200-300 metrora ezkerretara dagoen zelaigunean kotxea utzi eta bertatik abiatzen den pagoz babesturiko ibilbide magikoan barrena iritsiko gara. Ibilbidean Txingurrieta iturria ere topatuko dugu, errepidearen ondoan badago ere ez da erraza topatzea.

Burningo-borda Arano

 

NERE BORDA PARKE BOTANIKOA ( HERNANI)

Aberastasun botanikoa eta diseinua elkartzen dituen parkea da. Hainbat konifera, hosto galkorreko zuhaitzak, denboraldiko kolore bizidun loreak, urmaela, nenufareak, arraintxoak, Kolore eta material ezberdinetako harlauzez galtzadatutako bideak, egurrezko eta harrizko aulkiak...

5.685 m² familiarekin gozatzeko, lasai egoteko, paseo bat emateko, natura miresteko, irudimena asmatzeko... Egun sargoritan plan ezin hobea izan liteke, freskura bila parkera inguratzea, basoko itzalera.

Ordutegia: Neguan: 09:00 - 18:00 / Udan: 09:00 – 20:00

DESKARGATU Hernaniko Parke Botanikoko planoa

 

Botanikoa1 Botanikoa2 botanikoa3